7. Galdetegia: Puntuazioa + TEORIA
1. galdera:
2. galdera:
3. galdera:
4. galdera:
5. galdera:
6. galdera:
7. galdera:
TEORIA
Puntuazioa: diskurtsoaren egitura eta esanahia artikulatzeko mekanismoa
1. Puntuazioaren erabilerari buruzko ohar orokorrak ()
- Puntuazio-ikurrek diskurtso idatzia osatzen duten unitateak zedarriztatzen dituzte.
- BUKAERAKO PUNTUAK testuaren bukaera adierazten du.
- PUNTU ETA APARTE egiten dugunean, paragrafo baten muga markatzen dugu.
- PUNTU ETA JARRAI egiten dugunean, enuntziatu baten bukaera markatzen dugu. Enuntziatuen bukaerak puntu eta komaren bitartez ere adieraz daitezke.
- Enuntziatuen barruan, KOMA erabiltzen dugu esaldi konposatu batean esaldi nagusia eta mendeko esaldi adberbialak bereizteko. (Mendeko esaldi adberbialak -ean, -z, eta antzeko menderagailuak daramatzatenak dira). Halaber, mendeko esaldiak ez diren adberbioak, hasieran edo “lekuz kanpo” kokatuta daudenean, komaz bereizi ohi dira esaldi nagusitik.
- Bestalde, enuntziatuen barruan, arau bezala, ez da komarik jartzen subjektuaren eta predikatuaren artean.
- Aposizioak, “tartekiak” eta antzeko parentesi-moduko osagaiak, ordea, komen artean joango dira.
- Lokailuak puntuazio-ikurren artean joan ohi dira. Kokapena hurrengoa da:
- Ezkerraldean: PUNTUA edota PUNTU ETA KOMA eraman ohi dute
- Eskuinaldean: KOMA (Enuntziatuan tartekaturik, KOMA ARTEAN)
- Birformulazioak adierazteko testu-markatzaileak, aldiz, koma artean joaten dira, besterik gabe.
2. Ñabardurak, adibideak eta salbuespenak
Osagarri-perpausek, ad. (1b)-k edo (2)-ko azken perpausak, EZ DUTE KOMARIK hartzen perpaus nagusitik banatzeko.
(1) a. Dakigun bezala, ume jaioberriak edonolako fonologia erabiltzeko gai dira.
b. Badakigu ume jaioberriak edonolako fonologia erabiltzeko gai direla.
(2) 1676an mikroskopioa asmatu arte, ez zekiten hartzidura zerk eragiten zuen.
Halaber, perpaus nagusiaren galdegaia diren perpausek, alegia, fokalizatu-tako elementua diren perpausek, ad. (3b), ez dute komarik hartzen.
(3) a. Hostoak edo aleak bildu ondoren, hartzidura gertatzen da.
b. Hostoak edo aleak bildu ondoren gertatzen da hartzidura.
Bestalde, juntagailuz lotutako esaldi konposatuak KOMAZ banatu ohi dira (4a). Komen banaketa aldatu egiten da, ordea, juntagailuaz gain koma artean doan lokailu edo tartekiren bat dagoenean (4b-c).
(4) a. Berehala sartuko gara udan, eta berriro hartuko ditugu ahotan zenbait gai, adibidez, intoxikazioak.
b. Berehala sartuko gara udan eta, beraz, berriro hartuko ditugu ahotan zenbait gai, adibidez, intoxikazioak.
c. Berehala sartuko gara udan eta, urtero bezala, berriro hartuko ditugu ahotan zenbait gai, adibidez, intoxikazioak.
Arestian esan bezala, lokailu gehienek (ad. beraz, izan ere, gainera, bestela eta antzekoak) ezkerraldean puntua edo puntu eta koma eraman ohi dute, eta eskuinaldean koma (5a). Alabaina, aurretik eta juntagailua eramaten dutenean edo/eta tarteki moduan doazenean (ad. ordea, berriz, ostera, aldiz lokailuen kasuan, gehienetan) koma artean idatzi ohi dira (ez badoaz esaldiaren bukaeran).
(5) a. Hartzidurari esker, janarien eta edarien ezaugarri sentsorialak aldatu egiten dira; beraz, lehengai batetik hainbat janari-mota lortzen dira.
b. Hartzidurari esker, janarien eta edarien ezaugarri sentsorialak aldatu egiten dira eta, beraz, lehengai batetik hainbat janari-mota lortzen dira.
c. Hartzidurari esker, janarien eta edarien ezaugarri sentsorialak aldatu egiten dira, eta lehengai batetik, beraz, hainbat janari-mota lortzen dira.
d. Hartzidurari esker, janarien eta edarien ezaugarri sentsorialak aldatu egiten dira, eta lehengai batetik hainbat janari-mota lortzen dira, beraz.
Era berean, birformulazioak (hau da, alegia,...), adibideak (adibidez, hala nola,...), xehetasunak eta abar emateko erabiltzen diren tartekiak KOMA ARTEAN joan ohi dira. (Esaldiaren bukaeran badoaz, PUNTUA edo PUNTU ETA KOMA izango dute eskuinaldean.)
(6) a. Ibai batek ornogabe-aniztasun handia izateko, ezinbestekoa da egoera ekologiko ona izatea, hau da, gizakiaren esku-hartzetik kanpo egotea.
b. Oinarri teknologikoa duten beste sistema batzuk probatu egin dituzte, adibidez, sistema akustikoak, piroteknikoak eta argi bidezkoak, baina guztiek eman dituzte emaitza okerragoak belatzek baino.
3. Bi puntu noiz erabili
BI PUNTUAK ondoko kasu bietan erabil daitezke gehien bat:
- Ondoriozko, kausazko edo azalpeneko lotura bat adierazteko. Hortaz, bi puntuak lokailu baten ordez joango lirateke.
(7) a. Udan ugaritu egiten dira intoxikazioak. Izan ere, tenperatura altuen eraginez, mikroorganismoen ugaltze-tasa handitu egiten da.
b. Udan ugaritu egiten dira intoxikazioak: tenperatura altuen eraginez, mikroorganismoen ugaltze-tasa handitu egiten da.
Esan beharra dago bi puntuen ostean (mailakako antolakuntzarik egon ezean) letra xehea erabili ohi dela.
- Elementuen zerrenda bat adierazteko. Zerrenda, beraz, bi puntuen ondoren eman ohi da, bai mailaka edo bai segida moduan.
4. Zerrendak nola eman
Zerrendetan, mailakako eskemarik egiten ez bada, KOMA erabili ohi da aurkezten diren elementu desberdinak banatzeko. Azken elementuari dagokionez, gure inguruko tradizioa da berau juntagailu baten bitartez lotzea puntuazio-ikurrik gabe.
(8) a. Berehala sartuko gara udan eta, sasoi honetan urtero gertatzen den bezala, zenbait gai ahotan hartuko ditugu berriro: oporrak, eguzkiak eragindako erredurak, hondartzetako zikinkeria, itsasaldien gorabeherak, irteera-operazioko kotxe-istripuak eta hondatutako janariek sortutako intoxikazioak.
Idaztankera-tradizio batzuetan, ordea, zerrendako azken elementuaren aurretik koma jartzen da halaber, nahiz eta juntagailu batek jarraitu.
b. Berehala sartuko gara udan eta, sasoi honetan urtero gertatzen den bezala, zenbait gai ahotan hartuko ditugu berriro: oporrak, hondartzaz gozatzeko aukera, irakurtzeko denbora, eta hondatutako janariek sortutako intoxikazioak.
Bestalde, zerrenda batzuk nahiko konplexuak izan daitezke. Zerrenda konplexuetan, PUNTU ETA KOMA erabili beharko dugu askotan, zerrendatutako elementuen artean maila desberdinak bereizteko.
(9) Garai bateko Babilonian aurkitutako eskuizkribuetan, garagarraz edo gariaz edari alkoholduna egiteko erabiltzen zen metodoa azaltzen da: hasteko, aleak uretan uzten ziren; ondoren, eguzkitan jartzen ziren ernamuintzeko; eta, azkenik, hartzitzen uzten zituzten egosi ondoren.
5. Paragrafo bat nola antolatu
Paragrafo baten barruan, hainbat modutara antola ditzakegu enuntziatuak, informazioa plano desberdinetan kokatuz.
(10) a. Hartzidurari esker, janarien eta edarien ezaugarri sentsorialak (testura, zaporea, usaina) aldatu egiten dira; beraz, lehengai batetik hainbat janari-mota lortzen dira. Gainera, elikagarriagoak bihurtzen dira eta digestioa errazten da. Bestalde, denbora gehiago irauten dutenez, hotzean gordetzeko edo beste kontserbazio-metodo bat erabiltzeko beharra gutxitzen da; ondorioz, janari horiek kontserbatzeko behar den energiaren kontsumoa jaitsi egiten da.
b. Hartzidurari esker, janarien eta edarien ezaugarri sentsorialak (testura, zaporea, usaina) aldatu egiten dira. Hori dela eta, lehengai batetik hainbat janari-mota lortzen dira eta, gainera, janari horiek elikagarriago bihurtu eta digestioa errazten da. Bestalde, denbora gehiago irauten dutenez, hotzean gordetzeko edo beste kontserbazio-metodo bat erabiltzeko beharra gutxitzen da eta, ondorioz, janari horiek kontserbatzeko behar den energiaren kontsumoa jaitsi egiten da.
6. Azken oharrak
Puntuazioari buruz oro har onarturiko zenbait arau orokor azaldu besterik ez dugu egin, xehetasunetara heldu gabe. Garbi dago hemen ikusi ez ditugun beste kasu eta testuinguru asko ere badirela.
Testu akademikoetan, oro har onarturiko arau horiek errespetatu ohi dira. Alabaina, (bestelako) testu askotan, puntuazioaren erabilera erretorikoa egiten da, adibidez, literatur, kazetaritza- edota publizitate-testuetan. Neurri batean arauetatik urruntzen diren puntuazioaren erabilera horien helburua da inpresio jakin batzuk eragitea irakurlearengan. Nolanahi ere, testu akademikoetan puntuazioaren ereduzko erabilera da nagusi.
7. Formula matematiko eta fisikoak eta puntuazioa
Zientzia zehatzetan ohikoa da formulak eta sinboloak erabiltzea. Elementu horiek hizkuntza naturaleko elementuen moduko funtzioak betetzen dituzte diskurtsoan, eta elementu naturalen puntuazio bera eskatzen dute.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina